Ondarroako Arrigorri Itsas Arrantza Elkarteak antolatuta, XVI. umeen arrantza lehiaketa egingo da zapatua arratsaldean, marea goran. Zubi Zaharretik hasi eta portuko puntaraino tartean 4 urte eta 14 urte bitarteko ia 500 lagunek parte hartuko dute. Urtero bezala, kalejiragaz hasiko da arrantza lehiaketa. 14:30ean, danbolintxeruak aurretik dituztela, Musika Plazatik kalejiran irtengo dute lehiaketan parte hartuko duten ume zein gaztetxoek. Alde zaharreko hainbat kaleetan zehar ibili ostean, ibilbidea Itsas Aurren amaituko da. Behin Itsas Aurren, bolandera bota, eta parte hartzaile bakoitza, Zubi Zaharretik hasi eta portuko puntaraino tartean, bere lekua hartzera abiatuko da aringa-aringa. Ondarroako uretan ibili daitezkeen arrain guztiak arrantzatu ahal izango dituzte gaztetxoek, lazuna izan ezik: muxarra, barbarina, txitxarro txikia, aingira eta olagarroa, besteak beste.

17:30ean, dena jaso eta elkarteko kideek parte hartzaile bakoitzak hartutako arrainak kontatuko dituzte Musika Plazan. Parte hartzaile guztiek izango dute euren saria, eta adinaren arabera, bi taldetan banatuta ematen dira sariak; alde batetik, 4 urtetik 9 urtera bitartekoak, eta, bestetik, 10 urtetik 14 urte bitartekoak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario